EMAKUMEA ETA EGUNKARIA
Arratsaldeko laurak dira, nahiz eta dutxa bat hartu dudan, izerditan nago, beroa dela eta; baina Bilbora joan beharra daukat.
Txartela erosi dut eta korrika - korrika trenean sartu naiz. Aukeratu dudan lekuan ez dago inor baina trena ibiltzen hasi aurretik, emakume bat eseri da nire aurrean. Emakumeak begorrogeita lau urte izango ditu, hor nonbait; ikusten dudanetik, pertsona oso azkarra dela iruditu zait, ez dakit zergatik pentsatu dudan hori, baina bere aurpegiak zerbait esaten dit. Agian okertzen ari naiz. Ez dut inoiz jakingo.
Nire alboan hiru jesarleku daude, hutsik. Usain txarra dago. Trenean inoiz ez dago usain onik. Berak badauka bere usain propioa. Niretzat hauts usaina du. Gainera, emakume horrek aukeratu duen kolonia oso sarkorra da. Ez noa oso gustora jesarleku horretan, baina beste batean agian txarragoa izango zen.
Trena hasi da mugitzen. Betiko doinua...trenaren zaratak zerbait ekartzen dit burura...txikia nintzenean, zarata gogorragoa zen; oraingo trena nahiko berria da, ez da hain zaratatsua, baina ez du bere esentzia galdu. Beste bagoi batzuetan zarata entzuten da. Jendeak hitz egiteko gogoarekin hartu du trena. Bakoitzak besteei bere bizitza kontatzen die: ez dakit zer jan duten gaur, ez dakit zertara doazen Barakaldora...Istorio asko entzuten dira, baina nire alboko jendearen istorioekin nahiko daukat. Aspergarriak izaten dira batzuetan Bilbora joateko bidaiak. Horregatik, hurbil dauden pertsonen bizitzak asmatzen saiatzen naiz.
Aurrean dudan emakumeak egunkaria ia bere sudurraren puntan jarri du, nire ustez etxean ahaztu ditu irakurtzeko betaurrekoak. Ezin diot aurpegia ikusi, beraz, beste gauza batean zentratuko naiz.
Sestaon, aita bat bere semearekin igo da trenera, nire alboan hutsik zeuden jesarlekuetan eseri dira. Umea nekatuta dago, siesta egiteko ordua apurtu omen diote eta bere aitari jakinaraziko dio, ziur nago. "Aita... jolastu nahi dut... begira hortik pasatzen den beste tren hori... aita... leihotik begiratu nahi dut..." "Eseri ondo Bingen, mesedez. Berehala helduko gara! mesedez e?" Nire buruan bitartean... Aitatxo, mesedez, egin jaramon zure semeari, zure arreta piztu nahi du, besterik ez, ai aitatxo...
Eta horrela, geltokiak eta geltokiak pasatzen dira, oraindik emakumearen aurpegia ikusi barik; egunkarian galdu egin da. Lanera doala uste dut , egunkaria irakurri nahi du bere zereginetan ez pentsatzeko. Orain bai, momentu batean despistatu egin naiz eta berehala emakumeak begiradatxo bat bota du leihotik. Egunkaria beherantz eraman du eta aurpegi zati bat ikustea lortu dut. Emakume berezia da.
Bilbora heldu gara; umea eta bere aitaren abotsak ez dira jadanik entzuten, haiek San Mamesen jaitsi dira eta. Emakumea korrika doa txartela pasatzera. Nik ez dut hainbesteko presarik. Ea beste egun batean jesarleku berean esertzen naizen emakume berezi horrekin berriro topo egiteko;haren bizitza imaginatu nahi dut. Ea hurrengoan egunkaria poltsa barruan ekartzen duen... ![]()
3 comentarios
Anónimo -
-lako ustea
edo -n ustea
manul -
Alfonso -